Gizakion arteko harremanak zailak izaten dira oso, edo guk-geuk zail bilakatzen ditugu. Ez da oso ez-ohikoa suertatzen pertsona bat maite izatea, zeina beste batekin gustatuta dagoen, kasurik egiten ez dion batekin hain justu. Lehengo egunean, honetaz ari nintzen lagun batekin ondorengo hau esan zuenean: “Nire bizitzako istorioa”. Seguru nago, gutako askoren bizitzako istorioa dela eta hauxe da, hain zuzen ere, James Grayren azkenengo lanak kontatzen duena. Litekeena da hau dela eta, askotxoren gertuko bizipena izateagatik alegia, filmea horren sinesgarri gertatzeaz gain, barruko hainbat sentipen ere mugitzea.
Aipatu dudan moduan, pelikularen zuzendaria James Gray dugu. Jatorri errusiarra duen estatu batuetako zuzendari eta gidoilaria da Gray. Ez da hau bere lehenengo ekoizpena, ezta hurrik eman ere! Egun arte bost lan ditu borobilduta, Two Lovers (2008) hau, geure artean estreinatu berria den arren, bere azken-aurreko filmea da. Ekoiztu zuen aurreko lana, La Noche Es Nuestra (2007) izena duena zehazki, erabat gomendagarria da. Kasualitatez, lan bietan Joaquin Phoenix aktorea aritzen da, geroxeago komentatuko dugun lez, bilakaera bitxia duen aktore estatu batuarra.
Aktoreen inguruan ari garela, lan txukua burutzen dutela esan beharra dago. Primeran daude denak, bai protagonista roletan aritzen direnak, bai bigarren mailako paperak betetzen dituztenak. Eta ez pentsa erraz izan dutenik, ez. Pertsonaia zailez trufatuta dago filmea, bereziki Phoenix jaunarena. Hala eta guztiz ere, denek dute meritu handia, zeren eta euren lanari esker paper guztiak erabat sinesgarri egiten baitzaizkigu.
Dagoeneko hainbatetan atera da Joaquin Phoenix aktorearen izena, baina kasu honetan beharrezkoa delakoan nago. Alde batetik, aipatua izan den moduan, kriston karakterizazio borobiltzen duelako, normalean gertatzen den moduan bestalde, eta, bestetik, iritziz aldatzen ez duen bitartean behintzat, bere azken lanaren aurrean gaudelako. Izan ere, berak aditzera eman duen eran, musikaren munduan buru-belarri aritzeko asmotan zinea uzti egin baitu. Zazpigarren artea izenarekin ezaguna den geure mundutxo honetan tristeziaz jaso beharreko berria dugu hau, zeren eta River Phoenix zenduaren anaia txikia ez baita alferrik gal daitezkeen horietakoa. Nire uste apalean ez, behintzat. Eta zeuek, zein iritzi duzue?