Aurtengo Begibistan jaialdiaren edizioa ate-joka dugu dagoeneko. Izan ere, Amurrioko IV. Zinema astea maiatzaren 26tik 29ra izango baita.
Maiatzaren 18an aurkeztu zuten edizio berri hau Pablo Isasi Amurrioko alkateak, Eva Blanco Antzokiko Batzordeburuak eta Kepa Sojo festibalaren zuzendariak, eta esan zutenez, krisia nabaritu izan bada ere Amurrioko Udalak festibalari eusteko hautua egin du.
Aurten ere, bi atal bereizten dira datorren astean abiatzekoa den jaialdiak:
Alde batetik, OFIBISTAN izeneko atala dugu, non aurten 14 laburmetraia ikusteko parada egongo den. Antolatzaileen aburuz, 2009an hasi eta egun arte Euskal Herriko zinemagileek ekoiztu dituzten lanik adierazgarrienak biltzen ditu. Proiekzioak Amurrioko antzokian arratsaldeko 8etatik aurrera maiatzaren 27 eta 28an izango dira. Atal honetan era askotako lanak ikusiko ditugu, horietako 4 euskaraz izango direlarik.
Bestalde, INFOBISTAN deituriko atala dago. Sail honek 22 laburmetraia bilduko ditu. Sekzio honetan aurkezten diren lanak, baina, ikutu esperimentalagoa izateaz gain, baliabide eskasekin burutuak dira; hori bai, irudimen handiko ekoizpenez ari gara eta gainera ez dugu ahaztu behar hauxe dela geure eskualdeko zinemagileen lanei lekutxoa egingo dien atala. Arlo honetako film laburren emanaldiak, berriz, adierazitako egunetan gaueko 10etatik aurrera izango dira.
Aiaraldeko zinemagileen lanak ere Amurrioko oholtzan ikusteko aukera izango dugu; Txemi Llano amurriarraren “Uno que toque” eta Lusi Vil Izoriarraren “El Secretista” lanak hain zuzen ere.
Aipatutako guztiari hasiera emateko ekitaldia maiatzaren 26an izango da arrasaldeko 19:30ean. Emanaldi honetan, pelikula desberdinen soinu-bandez osaturiko kontzertuaz gain, 1957an Carlos de los Llanosek zuzendu zuen “ Gente del mar” izeneko laburmetraiaz ere gozatzeko aukera izango dugu.
Halaber, hasten den guztiak amaitu behar izaten duenez gero, Begibistan jaialdiak ere bere amaierako ekitaldia izango du.
Aurtengo edizioan, 20. urtemuga beteko duen Aguilar de Campooko laburmetraien jaialdia omenduko dutela baliatuz, azken galan zinemaldi honetako garaipen-zerrendan izandako 5 laburmetraia ikusi ahal izango ditugu maiatzaren 29an arratsaldeko 8etatik aurrera.
Urtero legez, Batxilergo zein DBHko ikasleei eskeinita, gozieko emanldi bat ere egongo da. Ekitaldi honetan 7 laburmetraia ikusiko dira maiatzaren 27an goizeko 11etan hasita, tartean euskaraz errodaturiko laburmetraia batzuk egongo direlarik.
Bukatzeko, zinemaldi honek banatzen duen ohorezko txapela aurten Ramón Barea sona handiko aktore eta zinemagileari emango zaiola esan beharra dago.