El Hombre Tranquilo/ Gizon Lasaia

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko mai. 20a, 13:19

10. proposamenera iritsi gara dagoeneko eta, agindu nuen moduan, klasiko baten gomendioa egitea dagokit oraingoan.

10. proposamenera iritsi gara dagoeneko eta, agindu nuen moduan, klasiko baten gomendioa egitea dagokit oraingoan. Hitchcockekin hasiera ezin hobea eman bagenion klasikoen ataltxo honi, jarraipen duina egiteko John Ford ez da batere aukeraketa makala. Forden esaldia da ondorengoa: “ John Ford naiz eta westernak burutzen ditut”. Egia bada ere, historiako western onenetakoak borobilduta baititu zuzendai estatubatuarrak, Iralandan girotutako hainbat zeluloide-puska ere baditu, euren artean “The Quiet Man” ( John Ford, 1952) izeneko hau. Ez da harritzekoa Fordek horren ondo ezagutzea Irlandako errealitatea, zeren eta, Estatu Batuetan jaio izan zen arren, jatorri irlandarra duen familia baten 13. semea baitzen.

 

Film honen protagonista den Sean Thorton boxealari bat da eta Inisfreera, jaio izan zen Irlandako uhartera , itzultzea erabakiko du. Bertan Mary Kate Danaher gazte lirain eta ilegorriarekin maiteminduko da, ezagutu eta berehala gainera! Mary Kate nortasun handiko neska izateaz gain, boteretsu bezain egoskorra den anaia ere badu, zeinari arreba eta etorri berriaren artekoa ez dion inongo graziarik egiten... Handik aurrera gertatuko den guztiak, maisulan honetako pertsonaietako batek esaten duen moduan, homerikoa den kontakizun honi itxura emango dio.

 

Lan honek dituen dohainak ez dira gutxi, ezta hurrik eman ere! Hasteko gidoia dugu, istorio atsegina, adimentsua, barregarria, hainbat unetan trajikoa dena... hitz bakar batean esanda: orekatua, dendua. Eta kontua ez da hortxe amaitzen, ez. Pelikula honetan dauden pertsonaiak sekulakoak dira, bai protagonistak, bai eta bigarren mailakoak ere. Den-denak bitxiak dira oso eta ondo eraikiak daude, inolako zalantzarik gabe. Horren ondo daude garatuta, ezen erabat sinesgarri egiten baitzaizkigun! Zertan esanik ez, film honetan zenbait sekuentzia ahaztezin daude: Lan honetako musuak ikaragarri ondo filmaturik daude, lasterketaren sekuentzia izugarria da eta bukaerako borrokarena deskribatzeko hitzik ez dago!

 

Bestalde, behin baino gehiagotan aipatu izan dut zineak, beste gauza askoren artean, didaktikoa ere behar duela izan. 7. artearean harribitxi honek funtzio hori ezin hobeto betetzen du. Guretzako arrotza den gizarte baten ohiturak zein kultura ederto ezagutuko ditugu pelikula ikusi ondoren eta hori zuzendariaren meritua da. Izan ere, 2 ordu pasatxo irauten duen lan ikusgarri honetan lagunarte oso baten deskripzio zehatza burutzen baitu, zenbait arlotan bete beharreko arauen berri zuzena emanez.

 

Ez nuke gomendio hau amaitu nahi izango filmaketan zehar gertatu ziren zenbait bitxikeria aipatu gabe utziz. Diotenaren arabera, pelikularen bukaerako borroka errodatzen hasi aurretik, John Fordek sekuentzian parte hartu behar zuten protagonista biengana jo zuen elkarren aurka gaizki esaka ari zirela esanez. Honek, begibistakoa da, eragin oso ona izan zuen azkenengo emaitzan, ez horren ona, ordea, aktoreengan. Izan ere, McLaglenek kommozio txiki batekin bukatu zuen bitartean, Waynek saihetsetan bi haustura pairatu baitzituen. Nabaria denez, Ford jauna aparta zen benetan!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide