Pelikularen izenburua jatetxe baten izena da, baina izen horrek adiera desberdinak izan ditzake. Hola, jaberaren aburuz, filmaren hasieran behintzat, jatetxe-soul edo izango litzateke, hots, leku bat non urdailan noizbehinka sortzen zaigun zuloa, nola edo hala, bete eta, bide batez, musika soul entzungo genukeen. Bestalde, jabeak halabeharrak aginduta kontratatuko duen sukaldari berriaren iritziz, arimarentzako (soul ingeleraz arima da eta) eginiko sukaldaritza litzateke. Filosofia kontuez ari gara, garrantzi handikoak, izan ere, bata edo bestea gailendurik jatetxe erabat desberdinez jardungo ginelako: janari azkarreko jatetxe batez edo soilik gustu oneko jendeak baluratuko lukeen beste batez. Fatih Akinen lana bigarren kategoria honetan sartuko litzateke inolako zalantzarik gabe. Zeren eta arimarentzako pelikula batez ari baikara, ikusi ondoren sartu aurretik baino hobeto sentiaraziko zaituena.
Fatih Akinen filmografian batere ohikoa ez den arren, komedia baten aurrean gaude. Jatetxe baten jabe gaztea bolada txar bat ari da pasatzen: neskalaguna, lana dela eta, Shangháira joango da, hernia diskala dauka eta, sukaldari oso berezi baten zerbitzuak kontratatu dituelako, bezeroak jatetxea uzten hasi dira. Baina, dena galduta dagoela ematen duenean, jatetxea arrakasta itzela izaten hasiko da... Istorioa oso da sinplea, hala eta guztiz ere, era atsegin bezain burutsuan dago kontatuta eta hainbat dira azpian gordetzen dituen bigarren mailako argumentuak: familia, adiskideak, maitasuna, konfiantza, leialtasuna... gai horiek guztiak eta gehiago jorratzen ditu komedia interesgarri honek.
Zinta honen zuzendaria Fatih Akin da. Jaiotzez alemaniarra izanda ere, jatorriz turkiarra da. Hasiera profesional gogorra izan zuen, aktore lanetan aritu zen telebistarako hainbat lan kazkarretan, non turkiarrarena egiten zuen behin eta berriro. Bere hurrengo urratsa laburmetraiak ekoiztea izan zen, pare bat zuzentzea nahikoa izan zuen luzemetraiak burutzen hasteko. Hasiera hasieratik arrakasta handia eskuratu zuen Alemanian, baina bere karrerak ez zuen eztanda egin 2003 arte, “Contra la pared” izeneko pelikula zuzendu zuen arte alegia, pelikula gogor-gogorra hainbat sari eskurutu zituena. Ondoren, antzeko giro zapaltzailea duen beste lan batekin, “Al otro lado” zinta hunkigarri bezain latzarekin, onarpena lortu zuen berriro ere 2007an .
Aipatutako bi pelikula hauek izan dira, orain arte, zuzendari alemaniarrari saririk garrantzitsuenak eman dizkiotenak. “Contra la pared” filmeari esker urrezko bi hartz erdietsi zituen Berlinen 2004an, film eta zuzendari onenari dagozkionak zehatz-mehatz. “Al otro lado” pelikula gordinak, bestalde, 2007an Cannes-eko zinemaldian gidoirik onenaren saria irabazi zuen. Bukatzeko, “Soul kitchen”-ekin, gomendatzen gabiltzan zinta dibertigarri honekin, epaimahaiaren saria poltsikoratu zuen 2009an Venezian. Argi dagoenez, izen eta sona handiko zinemaldietan jasotako sariek adierazten duten legez, Fatih Akin ez da zuzendari makala.
Pelikula honek niretzako garrantzi handia duten bi mundu uztartzen ditu: gastronomia eta musika. Filmearen soinu-banda bikaina da eta, ezin ahaztu, pisu handiko elementua dela, ezen gertatzen diren hainbat azpitramatan funtsezko osagaia baita. Zuzendariak burutu duen kantuen aukeraketa borobila izan da, zinez. Bai ematen duten janariaren kalitateagatik, bai eta entzuten den musika bikainagatik ere, neuk Soul Kitchenen gustura bazkalduko nuke, animatzen?