Gehienok bizitza osoa ematen dugu abentura handi baten zain, benetako abentura bizitza bera dela ohartu gabe. Seguru asko hau dela eta, pelikula hau gehientsuoi iristen zaigu bete-betean. Beno, horregatik eta maisulan batez ari garelako, jakina! Upek (AEB, 2009), azken batean, hauxe kontatzen digu: zelan ezertxo ere egin ez dugula pentsatuz bizitzak alde egiten digun, ondoan dugun eta maite gaituen jendearentzat itzelezko abentura izan dela konturatu gabe. Laburbilduz, geure bizitzari benetan duen garrantzia ez diogula ematen.
Up (Pete Docter, Bob Peterson,2009) Pixar ekoiztetxearen 10. pelikula dugu. Filmeok zein baino zein hobea izan dira egun arte. Hobezintasuna, zertan esanik ez, eskuratzen ezinezkoa den zerbait dela jakinik, teknikoki ea perfektuak diren lanez ari garela esan beharra dago. Pixarrekoek, baina, badute beste ezaugarri bat besteengandik bereizteaz gain, beste maila batean kokatzen dituena: burutzen dituzten lanek arima daukate, gizakion sentimenduak dantzan jartzen trebeak dira oso eta, begibistakoa denez gero, gainerako ekoiztetxeek ez dute oraingoz asmatu gauza bera egiten. Horretan datza, hain justu, euren nagusitasuna.
Aurreko guztia erabateko egia bada ere, ez da komeni ahaztea pelikula honekin Estatu Batuetako amets-fabrika hau marka guztiak hausten ari dela. Izan ere, Canneseko zinemaldiari hasiera ematen dion lehenengo marrazki bizidunetako filmea da. Urrezko globo bi irabazitako lana dugu (Marrazki bizidunetako film onena eta jatorrizko soinu-banda onena), Oscar sari bi (Aurreko berberak), “La Bella Y La Bestia” filmearen ondoren bigarren marrazki bizidunetako pelikula film onenaren izendapena jaso duena, BAFTA sarietan Marrazki bizidunetako film onenari dagokion saria eta soinu-bandarena irabazitakoa... eta zerrenda ez da hortxe bukatzen, ez horixe!
Asko dira lan honek dituen bertuteak eta, euren arteko bat hauxe dugu: orekatua da. Disney etxean (ez ahaztu Pixar sagutxuaren etxearen sukurtsal bat dela, egoera latz batetik erreskatatzera etorri dena hori bai, baina sukurtsala hala ere) badago idatzita ez dagoen bete beharreko arau bat: barre bakoitzeko malko bat egon behar duela, hain zuzen. Pelikula honek arau hori hitzez hitz betetzen du. Zuzendaritza lanetan Pete Docter, “Monsters Inc.” Pixarren hirugarren filmea zuzendu zuena, eta Bob Peterson, gehienbat telebistarako lanak borobildu dituena, aritzen dira eta burutzen duten lana ikaragarria da! Zeharo aberatsa den lana ekoiztu dute. Gai asko eta garrantzi handikoak jorratzen ditu pelikula honek, hala nola, maitasuna, ilusioaren indarrari esker oztopoen gainditzea, adiskidetasuna... Bestalde, genero askoren nahasketa dugu maisulan hau: komedia, drama, abentura, suspentsea... denetarik aurkituko dugu ordu eta erdi pasatxo irauten duen artelan honetan.
Bukatzeko, hasieran kokaturik dagoen eta 4 minutu eskaseko sekuentzia bat azpimarratzea gustatuko litzaidake. Izan ere, sekuentzia hori gozatzearren soilik pelikula ikusteak merezi du. Berba bakar bat esan gabe, bizitza oso baten kontakizun ederra burutzen dute zuzendariek, non ezertxo ere ez dago, ez faltan, ez soberan. Txapela kentzeko modukoa, zinez!