Igarle bat

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko api. 22a, 14:07

Gerora garrantzi handia izango duen pertsonaia batek ondorengo esaldi borobila botatzen du pelikularen pasarte batean: “Lo suyo es salir de aquí siendo un poco menos

Gerora garrantzi handia izango duen pertsonaia batek ondorengo esaldi borobila botatzen du pelikularen pasarte batean: “Lo suyo es salir de aquí siendo un poco menos gilipollas” - Reyeb, bizi-odisea dugun film honen protagonista hitzez hitz betetzen ahaleginduko dena. Izan ere, ikaste- edo hobetze-istorio baten aurrean gaude. Zuzendari eta gidoilaria den Jacques Audiardek dioen moduan, paradoxa bat dugu kontakizun hau, alabaina, gartzelan egon ezean eskuratuko ez zuen maila lortzen duen gizaki baten istorioa baita. Protagonistak bidaia luze bezain bitxia, harrigarri bezain gogorra burutzen du. Kartzelan sartzen denean ea letragabea da, irteten denan, ordea, bere ametsik baikorrenean ere imajinatuko ez lukeen boterea izango du.

 

Aurtengo Oscar sarietan Frantziak pelikula hau aurkeztu zuen Ingelesez besteko film onena izeneko kategorian lehiatzeko. Bost finalisten artean egon zen, txoko honetan dagoeneko gomendatu ditugun beste bi filmekin batera: “El Secreto De Sus Ojos”, irabazlea suertatu zena, eta “La Cinta Blanca”. Honez gain, hainbat sari irabazitako lana dugu, hala nola, Canneseko zinemaldian epaimaiaren saria, ingelesez besteko film onenaren saria BAFTA sarietan, 12 sari Frantziako Cesar sarietan, pelikula onenaren saria besteak beste... Hau da, sona eta prestigio handiko filme batez ari gara.

 

Ez dira gutxi lan honek dituen azpimarratu beharreko alderdiak, ez horixe! Euretako bat muntaia dugu, inolako ezbairik gabe. Igortzen zailak diren hainbat ideia transmititzeko: onirismoa, dotorezia, agerikotasuna, surrealismoa... esaterako, baliabide desberdinak trebetasun handiz erabiltzen ditu, adibidez: kamera geldoa, pantailatik at gertatzen diren gauzak, fokatu gabeko irudiak, protagonistak baino ikusten ez duen pertsonaia...

 

Nire uste apalean, badago beste sendotasun bat nabarmendu beharrekoa. Oraingoz aipatu ez dudan arren, filmea kartzela-drama bat da. Bada, pentsatzekoa den bezala, presoek asetzeko zailak diren beharrak dituzte, eta ez gutxi! Zuzendariak behar hauek guztiak betetzeko espetxeratuek darabilzten trikimailuak pantailaratzen ditu dotoretasun handiz. Eskertzekoa izateaz gain, erabat didaktikoa dena.

 

Bestalde, aipatzekoa da zuzendariak pelikulan zehar egiten duen hainbat konturen trataera, gogorkeria kasu. Ezin dugu ahaztu pertsonaiak zein girotan murgilduta dauden. Gogorkeria funtsezkoa dute nork bere tokia hartu zein mantentzeko. Beraz, begibistakoa denez gero, filmean pisu handiko osagaia izango da. Hori bai, batzuetan ageri-agerikoa den bitartean, bestetan irudi onirikoen bidez aurkeztuko zaigu.

 

Zeluloide-puska honen beste osagai pisudun bat hizkuntza dugu. Kartzela barruan borroka latza dago korsikar eta arabiarren artean. Hau dela eta, hainbat dira espetxe barruan mintzatzen diren hizkuntzak. Hizkuntzok, baina, betebehar desberdinetarako erabiltzen dira, esate baterako: isilekoak gordetzeko, informazioa pertsona jakin batzuei baino ez pasatzeko... Honek guztiak zera dakar: hizkuntza guztiak menperatzen dituenak informazio dena dauka eta, jakina denez gero, informazioa boterea da. Hau honela, erdi-eskolagabea den pelikularen protagonistak, duen buru argiari esker, boterea eskuratuko du hizkuntz-desberdinen ezaguera dela medio.

 

Ez nuke bukatu nahi izango amaierako kredituetan gertatzen den bitxikeria bat aipatu gabe uztiz. Kreditu hauetako batzuk irakurtzen dizkigute!!!! Zuzendariak pelikularen hasieran bere protagonistaren parekoak garela pentsatuko ote du?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide