LA CINTA BLANCA (ZINTA ZURIA)

 

LA CINTA BLANCA (ZINTA ZURIA)

 

“Zinta zuria” (Austria, 2009) izeneko pelikula gizarte baten disekzioa da, gizatalde hori hobeto eta sakonago ezagutzen baimentzen diguna. Hori, berez, nahiko interesgarria da, baina gizarte horretan, pelikularen inongo momentutan aipatzen ez den arren, “nazismo”aren sorrera gertatuko dela baldin eta badakigu, interesgarri baino ezinbesteko bilakatzen da.

 

Nahiz eta kontatzen digutena desatsegina izan, ikusten duguna gogorregia bada ere, egungo gizaki batek onar dezakeen beheramendu-maila errez gainditzen duen arren... ikusi beharreko pelikula dugu hau.

 

Beti esan da, arrazio osoz, ahazten ditugun gauzak errepikatzeko arrisku handia dagoela. Errepika daitezkeen kontuak pelikula honetan kontatzen direnak badira, aukera horri inongo aterik ez zabaltzea funtsezkoa da.

 

Ez da komeni ahaztea gizarte baten liderren agintea ukaezina bada, jende horren patua lider horien nahieraren arabera diseinatuko dela, euren buruaren jabe ez direla izango eta inposatzen dietena baino ez dutela pentsatuko... laburbilduz, diktadura kudrel batenpean biziko direla.

 

Haneke jaunak ekoiztu duen amezgaizto honek oso egitura bitxia dauka. Hasteko zuribeltzean filmatuta dago. Ez da hau, ezta hurrik eman ere, edonola hartutako erabakia. Ondo baino hobeto pentsatuta dago, deliberamendu guztiz kontzientea da. Era honetan, pertsonaiak, egoerak, pelikularen giroa... are sinesgarriago bilakatzen dira.

 

Beste errekurtso bat offeko ahotsa dugu. Neuk pelikula bikoiztuta ikusi dut eta aukeratu duten ahotsa ezin aproposagoa dela esan behar dut. Ipuin bat kontatzen ari dela ematen du. Hori bai, lehenengo pertsonan kontaturiko ipuina. Narratzaileak oso era lasaian hitz egiten du, kontatzen duen guztia itzelezko astakeria bada ere.

 

Bestalde, offeko ahotasaren nolabaiteko goxotasun horri esker zein zuzendariak darabilen planifikazioari esker, non pasarterik gogorrenak planotik kanpo gertatzen diren, pelikularen liseriketa arintzen zaigu, apur batean baino ez bada ere.

 

Bukatzeko, ezin kronika hau amaitu aktoreen lan zoragarria aipatu gabe utziz. Haiek dira, hein handi batean behintzat, pelikula sinesgarri bihurtzen dutenak, nahitaezko baldintza era honetako ekoizpen batean.

 

Pelikula guztiekin egitea gustatuko litzaidakeen arren, kasu honetan bereziki interesatzen zait zuon iritzia. Primeran legoke zuon iruzkinak irakurtzea. Animatu beraz, filma ikusi eta gure txoko txiki honetan parte hartu zuon ahotsak entzun daitezen. Ez ahaztu pelikularen mezua: Ez utzi besteoi geure iritzia inposatzen!

 

Fitxa teknikoa

Jatorrizko izenburua: Das weisse Band

 

Zuzendaria: Michael Haneke

 

Gidoilaria: Michael Haneke

 

Aktoreak: Susanne Lothar, Ulrich Tukur, Josef Bierbichler...

 

Herrialdea: Austria

 

Iraupena: 145 minutu

 

Ekoizpen-urtea: 2009

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide