Aste honetan, Damien Chazelle zinemagile amerikarraren azken lana nahi dizuet gomendatu: “La La Land” (2016) izenekoa, alegia. Pelikula positista dugu hau. Izan ere, amaiera bereziki ez alaia duen arren, zine aretotik poztasun berezi batekin irteten zara, gutxi ez dena. Zineak honetarako ere balio behar du, inondik ere!
Maitemindu den bikote baten harremana kolokan jarriko da biek arlo profesionalean duten neurrigabeko goranahia dela eta.
Providencen munduratu zen zuzendariak ibilbide profesional labur bezain interesgarria du, berea baita “Whiplash” (2014) filme estimagarria besteak beste. Ez dira gutxi orain arte eskuratu dituen sari zein izendapenak eta, ziur asko, gehiago eskuratuko ditu epe laburrean. Izan ere, gomendatzen ari naizen zinta honekin Urrezko Globoetan egun arte lortu den uztarik oparoena erdietsi du eta.
Pelikula honen arrakastaren arrazoietako bat aktoreek burutzen duten lan bikainean dago, inolako zalantzarik gabe. Izan ere, bai Emma Stone bai Ryan Goslingekerabat sinesgarria den amodio istorioa eraikitzen dute geure begien aurrean.