Aste honetan, “Hell or High Water” (2016) izeneko lana gomendatu nahi dizuet. Asko dira zintak dituen indarguneak: hari bat ere aske uzten ez duen gidoia, elkarrizketa zorrotzak, garraztasun izugarrizko umorea… baina, nire iritziz behintzat, bere trebetasun nabarmenena kontakizunari arnasteko ematen zaion denbora da, hau da, filmearen “tempo”a. Geure begien aurrean plasmatzen den istorio zinez interesgarria kontatzeko, David Mackenziek,zuzendari eskoziarrak, beharrezkoa den denbora hartzen du; ez gehiago, ez gutxiago. Kontakizun patxadatsuaren aurrean gaude, baina ez nahastu, ez da erritmo geldoa duen lana, istorioak behar duena baizik.
Familak duen basetxea ez galtzearren, bananduta dagoen aita bat eta duela gutxi espetxetik irten den bere anaiak zenbait lapurreta gauzatuko dituzte. Horra hor, zinta estimagarri horren abiapuntua.
Aipatu bezala, filme horren zuzendaria David Mackenzie Eskoziako zuzendaria dugu. Hauxe du bere bederatzigarren pelikula.
Ez diogu soilik Mackenzieri sor harribitxi hau, ordea. Izan ere, Jeff Bridges, Chris Pine edo Ben Fosterren karakterizazioek ere badute zer esan handia pantaila handian ikus dezakegun mirari honetan.