Zineak alderdi desberdinak behar dituela izan, behin baino gehiagotan esan dugu. Horietako bat alde didaktikoa dela argi dago. Aste honetan gomendatu behar dizuegun lanak, “Papusza” (2013) alegia, funtzio hori ederto betetzen du. Guretzako erabat arrotza den kultura baten disekzio zehatza burutzen du geure begien aurrean. Dituzten ohiturak, kultura eta belaunaldiz belaunaldi hori guztia igortzeko modu propioaren inguruko lezio dotorea da.
Bere olerkiak argitaratuta ikusteko aukera izan zuen Poloniako lehengo emakume ijitoaren gorabeherak kontatzen ditu filme eder honek. Bere bizitza, ordea, ez zen batere erraza izan. Ijitoen sekretuak saltzeagatik ez zuen bere komunitatearen onarpena erdietsi.
Joanna Kos-Krauze eta Krzysztof Krauze ditugu lan honen erantzule nagusiak. Senar-emazte hauek elkarrekin zuzendu zuten bigarren pelikula izan zen hau. Krzysztof Krauze, baina, ibilbide luzea burutua zuen 2014an 61 urte zituela hil zen arte.
Tankera honetako zinta batean, esan gabe doa, funtsezkoa da aktore bikainak izatea. Atal honetan hainbat karakterizazio borobilez gozatzeko parada eskaintzen digu lan honek. Jowita Miondlikowska eta Zbigniew Walerysek txapela kentzeko moduko antzezpenak borobiltzen dituzte.