Aste honetan film onenari dagokion Oscar saria irabazitako pelikula gomendatu nahi dizuet: “Moonlight” (2016) alegia. Gai desberdin askori buruzko argazkia dugu lan hau: homosexualitatea, drogazaletasuna, eskola-jazarpena… konproba daitekeen moduan ez da bereziki atsegina aipaturiko erretratua; hori bai, dotoretasun osoz pantailaratua.
Barry Jenkinsek gidatutako kamerak zintako protagonistaren bizitzako hiru une desberdinen testigantza zehatza eskainiko digu: gordintasuna izkutatu gabe, errealitatea den moduan erakutsiz, zirujau baten doitasunaz gizarte basati baten argazkia geure begien aurrean ipiniz.
Aipatu dudan moduan, Barry Jenkins dugu lan honen erantzule nagusia. Izan ere, Miaminmunduratu zen zinemagilea gidoia idazteaz ere arduratu baita. “Moonlight” (2016) hau Jenkinsen bigarren pelikula da, zenbait film labur ere errodatuta dituen arren.
Lan honetan aritzen diren aktoreak ez dira bereziki ezagunak, ez behintzat geure artean, pelikulari egiatasun handiago ematen diona. Karakterizazio doi bezain sinesgarriak borobiltzen dituzte antzezle guztiek.
Laburbilduz, ikusteko batere erosoa ez den arren, galdu behar ez den pelikula dugu hau.