Noizbehinka ikusgai dauden pelikuletatik ihes egitea komeni da. Izan ere, badira zenbait garai non zine-aretoetan dagoen materialaren kaliteak atzera begiratzera behartzen gaituen. Une honetan daukaguna tankera honetakoa da inolako zalantzarik gabe. Halakoetan, nioen bezala, egokia izan daiteke pelikularen bat berrikustea. Duela gutxi, Antonio Skármetaren “El Cartero de Neruda” (1985) izeneko eleberria irakurri egin dut, jatorriz “Ardiente Paciencia” izenburua zuena. Bada, eleberriak gogora ekarri zidan Michael Radford zinemagile britainiarraren pelikula ederra eta, berriro ere ikusi ondoren, zuoi gomendatzeko itzelezko beharra sortu egin zait.
Mario gizon apala eta zinez berezia da. Arrantzaleen herri batean bizi izanda, itsasoarekiko inolako erakarpenik ez du. Hori dela eta, lan xelebre batean hasiko da, bezero bakarra duen postari bilakatuz. Bezero hori, baina, ez da edonolakoa izango, ez horixe!: nor eta Pablo Neruda olerkari txiletar handia, alegia. Bi gizonen artean adiskidetasun ederra sortuko da.
Lan honen arima Michael Radford dugu. Britainiarrak zuzentzeaz gain, gidoiaren egokitzapenean ere aritu zen, bere ibilbide profesional osoko zintarik borobilena lortuz, nire uste apalean behinik behin.