Aste honetan Zeelanda Berrian burututako pelikula bat nahi dizuet gomendatu: “What We Do In The Shadows” (2014) izenekoa, alegia. Lan honek ezertxo ere asmatu ez badu ere, horrenbestetan ibiliak izan ez diren bideetatik abiatu egin da, behinik behin. Banpiroen inguruko komedia bat planteatze hutsa, berez iradokitzailea dela iruditzen zait; gehitu horri gainera, barrez lehertzeko moduko gidoia duela eta aktoreek euren rolak sinisten dituztela. Hori guztia batuta, meritu handiko zinta baten aurrean gaudela baiezta daiteke.
Pisua partekatzen duten hiru banpiroen gorabeherak kontatzen ditu lan honek. “Odol-xurgatzaile” hauen bizipenen berri dokumental itxura hartzen duen zinta xelebre honek helaraziko digu: nola banatzen dituzten euren artean etxeko lanak, nola ahalik eta bizimodurik arruntena eramaten saiatzen diren…
Ezin hobeto funtzionatzen duen tramankulu honen egileak Wellingtonnen munduratu ziren Taika Waititi eta Jemaine Clement ditugu. Euren kasuan artista hitza erabiltzea derrigorrezkoa da. Izan ere, biak ala biak aktore, zuzendari, gidoilari, margolari, musiko… dira eta. Kasu honetan, filmea zuzendu, idatzi eta antzeztu egin dute, beste hainbat jenderen laguntzaz noski.