Aste honetan, James Gray zinemagile amerikarraren azken pelikula nahi dizuet gomendatu: “The Lost City Of Z” (2016) izenekoa, alegia. Egungo filmea den arren, aspaldiko abentura-pelikulen kutsua du, nire uste apalean behintzat, eskertzekoa dena. Pantaila erraldoian azaltzen diren bazterrak ederrak dira oso, zine-aretoan ikustea gomendagarri bilakatzen duena noski. Bestalde, lan dotore eta interesgarria dugu Grayren azken hau, non bere testuinguru historikoan ederto baino hobeto integratuta dagoen istorio erakargarri batez gozatzeko parada izango dugun.
Mendeetan zehar Europa aldean Amazonasen aspaldiko zibilizazio bat izan zela eztabaidatu egin da. Bada, aurkitzeko asmotan, Percy Fawcett britainiarrak hainbat espediziotan parte hartu zuen joan den mendearen hasieran. Bidaia horietako batean, Fawcetten arrastoa galdu egin zen betiko, bai eta bere atzetik abiatu izan ziren beste espedizio guztiena ere.
Aipatu dudan bezala, James Gray dugu, zinta honen erantzule nagusia. New Yorken munduratu zen jatorri judu-errusiarra duen zinemagile honek 6 pelikula luze ditu burutuak, “La Noche Es Nuestra” (2007) edo “Two Lovers” (2008), besteak beste.
Ezin gomendio hau bukatu, Charlie Hunnam aktore britainiarrak egindako lan borobila goraipatu gabe.