Aste honetan John Madden eskarmentu handiko zuzendari britainiarraren azken lana nahi nizueke gomendatu: “Miss Sloane” (2016) izenekoa, alegia. Badira zenbait arrazoi pelikula hau ikusteko:
Hasteko, emakumezkoa den protagonista du, berez batere arrunta ez dena, ez behintzat Hollywooden. Emakumezkoen ahalduntzea erabat beharrezkoa den garai honetan, halako pelikulak ezinbestekoak dira inolako zalantza barik.
Gainera, ikuslearen adimena iraintzen ez duen gidoia du, non indar eta erritmo frenetikoa duten dialogoak nonahi agertzen diren. Dialogo horiek, bestalde, ederto baliatzen dituzten aktoreak ikusteko parada ere eskainiko digu filme honek. Agindu bezala, hortaz, pelikula ikusteko arrazoiak egon badaude.
Zinta honen protagonista merezi duen helburu bat lortzeko ea edozein baliabide martxan jar daitekeela pentsatzen duen horietako emakumea dugu. Esan bezala, pertsonai gogokoa edozein emakumezko aktorerentzat. Bada, Jessica Chastainek, Kalifornian munduratu zen aktore bikainak, ederto baliatu du rol honek nabarmentzeko eskaini dion aukera.
Esan dugun moduan, hauxe John Maddenen azken filmea dugu. Dagoeneko luzea den bere ibilbide profesionalean “Shakespeare in Love” (1998) bezalako pelikulak topa ditzakegu.