Aste honetan, “Dunkirk” (2017) izeneko pelikula gomendatu nahi dizuet. Filme hau gomendatzeko hainbat argudio plazara daitezke, baina nik honako hau baino ez dut aipatuko: beldurra, estutasuna, elkartasuna, bai eta norberekoikeria ere… irudi indartsu bezain adierazgarrien bitartez ederto baino hobeto deskribatzeko gauza den lan bat derrigorrean gomendatu behar dela, inolako duda barik. Izan ere, Christopher Nolan zinemagile britainiarraren azken zinta honek kontzeptu abstraktu samarrak igortzeko gaitasuna eta trebezia teknikoa izugarri ondo uztartzen baititu.
Bigarren Mundu Gerraren hasieran, 1940an alegia, Frantzia eta Britainia Handiko armadak Dunkerque hiriko horndartzan setiatuta daude Alemaniako armadaren aurrera egite bizkorra dela eta. Egoera gero eta larriagoa delarik, espero ez duten laguntza jasoko dute.
Pelikula honen arduradun nagusia, gorago aitatu bezala, Christopher Nolan Britainia Handiko zuzendaria dugu. Nire uste apalean, Nolanen ibilbide profesionala estimagarria da erabat. Ez dira lar izan zertu dituen proiektuak; hori bai, denak kalitate maila minimoa bermatzen duten horietakoak. Ekarpen interesgarriak egin ditu istorioak kontatzeko garaian, askotan denborarekin jolas erakargarriak planteatuz.