Ez da sekretu bat, ezta hurrik eman ere!, uda ez dela zazpigarren arterako garairik onena. Izan ere, amaitzear dugun uda honetan, gomendatu nuen azken pelikula kenduta, “Dunkirk” (2017) izenekoa alegia, gaurkoan gomendatu nahi dizuedan hau baino ez zait bururatzen salbatzeko modukoa. “War For The Planet Of The Apes” (2017) honek dotore ixten du “Planet Of The Apes” (1968) Franklin J Schaffner zuzendari amerikarrak maisuki kontatu zigun istoriaren aurretiko garaia deskribatzen duen trilogia duina.
Azken lan honen erantzulerik nagusiena, trilogia honen bigarren zintan gertatu zen moduan, Matt Reeves zinemagile amerikarra dugu. New Yorken munduratu zen zuzendariaren seigarren filmea da honakoa, telebistaren munduan ere ibilia dena: J J Abrams ezagunarekin batera “Felicity” (1998) izeneko telesaileko sortzailea da, besteak beste.
Ez dira gutxi pelikula honek dituen indarguneak: sekuentzia ikusgarriak, pertsonaien deskribapen doitu bezain egokia, gidoi orekatu bat… Munduko txarteldegi guztiak apurtzeko pentsatuta badago ere, ez zaio heldutasun kutsua ematen dion iluntasuna falta. Badu, hala ere, batere gustatu ez zaidan zerbait, Woody Harrelsonek gorpuzten duen pertsonaia, hain zuzen ere. “Apocalypse Now” (1979) lan zoragarriko Kurtz koronelaren kalkoa iruditu zaidana, Brandoren mailara irirtsi gabe jakina.