Aste honetan, “La Llamada” (2017) izenekopelikula Espainiarra gomendatu nahi dizuet. Ez zait iruditu, ezta hurrik eman ere!, kalitate handiko lan bat. Hori bai, une honetan karteldegian dauden zinten artean nekez topatuko duzue honen moduko proposamenik: originaltasuna behintzat, ezin zaio ukatu Javier Ambrossi eta Javier Calvo zinemagile madrildarrek zuzendu duten produktu honi. Beraiek zertu duten musikalean oinarrituta dagoen filme hau, artelan goren eta produktu barregarriak hainbatetan bereizten dituen marra estu horren gainetik oreka zailean ibiltzen da askotan.
Segovian dagoen kanpamentu kristau batean kokatzen da zuzendari bikote madrildar honek kontatzen digun istorio bitxia. Halako batean, kanpamentuan dagoen María izeneko neska bati Jaungoikoa agertuko zaio. Argi dagoenez, hortik aurrera ezer ez da berdina izango.
Pelikula hau, Ambrossi eta Calvo zuzendarien estrainekoa dugu. Jakina, esan dudan moduan beraiek sortutako musikal batean oinarrituta egonda, materiala ezin hobeto ezagutzen zuten, eurentzako lagungarria izan dena, duda barik. Nire uste apalean, lanari eman behar zitzaion giro eta argitasunarekin erabat asmatu dute. Hori bai, hainbat unetan begien aurrean duguna nahiko frikia iruditu ahal zaio ikusleari.