Aste honetan, Denis Villeneuve zinemagile kanadarraren azken lana nahi dizuet gomendatu: “Blade Runner 2049” (2017) izenekoa hain zuzen ere. Zuzendariaren ukitu pertsonala duen arren, ezin ukatu ospe handiko aurrekariaren giroari ondo baino hobeto eusten diola. Nire uste apalean, ez da hori arlo bakarra non pelikula honek koherentzia agertzen duen. Izan ere, kontatzen digunak ere aurreko istorioari men egiten baitio, ezer ere lekuz kanpo ez dagoela.
Aurreko zintan kontatutakoa gertatu eta 30 urte geroago, Balde Runner berri batek aurkikuntza harrigarria burutuko du, zeinak gizartean dagoen kaosarekin buka dezakeen.
Duela 50 urte Quebecen munduratu zen zinemagileak zenbait film estimagarri ditu borobilduta, hala nola, “Incendies” (2010), “Prisoners” (2013) edota “Arrival” (2016). Lan hauekin guztiekin hainbat sari zein nazioarteko onarpena eskuratu egin ditu Villeneuve jaunak.
Oraingo honetan, Kanadako zuzendariak izen handiko aktore-zerrenda izan du bere agindupean. Ryan Gosling, Harrison Ford, Jared Leto edo Robin Wright Penn ez dira nolanahiko izenak, ez horixe! Antzezle hauen jarduna pelikulan gorabeheratsua bada ere, oro har hartuta balekoa dela esan beharra dago.