Aste honetan, Alex de la Iglesia Bilboko zuzendariaren azken lana gomendatu nahi dizuet. Pelikula honen kasua zinez xelebrea iruditzen zait. Izan ere, iaz Paolo Genovese Erroman munduratu zen zinemagileak burutu zuen pelikularen bertsio berria baita. Ez da batere ohikoa horren berria den zinta baten “remake” bat egitea, ez horixe!
Ustez ederto baino hobeto elkar ezagutzen duten hainbat bikoteren arteko afari batean, lehen begiratuan erabat inuzentea ematen duen jolas bat jarriko dute martxan. Zer eta afarian zehar sakeleko telefono guztiak mahai gainean utzi eta iritsiko den guztia mahaikideekin partekatzea. Abiapuntua interesgarria bada, de la Iglesiak proposatzen digun garapena ez da makala. Pelikulak hasieratik bertatik harrapatzen zaitu eta erritmoa ez da jada inongo momentutan jaitsiko. Lan bikaina nire ustez; hori bai, pelikula italiarra goitik behera kopiatu egiten du.
Nire uste apalean, film hau izugarrizko erronka izan da Bizkaikozuzendariarentzat. Istorioa etxe baten barruan gertatzeak muga oso zorrotzak jartzen dizkio kamera mugimendu ikusgarriak horren gustuko dituen zuzendariari. Hala ere, nire ustetan behintzat, Alexek notarekin gainditzen du proba.