Aste honetan, polemika handia sortu duen pelikula nahi dizuet gomendatu. Zein eta “Star Wars: The Last Jedi” (2017) izeneko zinta. Oso urruti dagoen galaxian gertatzen diren menturek ezusteko norabidea hartu dute kasu askotan. Izan ere, aurreko kapituluan dena erraz asko aurrikusten bazen, oraingo honetan istorioen dibertsifikazioa argiki nagusitzen baita. Ez da gutxi izan filme honi buruz idatzi dena, eztabaida sutsuak piztu ditu, baina badira zenbait kontu ukaezinak direnak: batetik, pelikularen egikera akatsgabea eta, bestetik, berria den zerbaiten aurrean gaudelako sentsazioa, nahiz eta berria den hori ezaguna egiten zaigun.
Emanaldi honetan, pertsonaia berriak sakonago ezagutzeko parada izateaz gain, aspaldiko beste lagun batzuen egungo egoerari buruzko berriak ere izango ditugu. Galdera batzuen erantzunak ezagutuko ditugu, baina, hori bai, trukean itaun berri asko plantetauko zaizkigu, akaso etorkizunean euren erantzuna izango dutenak. Honek guztiak, nire uste apalean behintzat, saga galaktikoari jakin-mina gehitzen dio.
Honetan guztian, zeresan handia izan du Rian Johnsonek, pelikulako zuzendariak alegia. Marylanden jaiotako zinemagileak “Looper” (2012) izeneko zinta estimagarria burutu du, besteak beste.