Aste honetan, Joe Wright Londresen jaio zen zuzendariaren azken pelikula gomendatu nahi dizuet, “Darkest Hour” (2017) izenekoa alegia. Historiaren aldi oso zehatz baten kontaketa honetan, nire ustetan behinik behin, batere atsegina ez den pertsonaia historiko bat erakargarri bilakatzen zaigu. Izan ere, bera baita askosaz ere desatseginagoa den beste persona bati aurre egiteko gaitasuna omen duen bakarra, ezinbesteko bihurtzen duena. Halaxe gertatu izan zen Adolf Hitlerren armadak geraezina ematen zuen 1940. urtean, Winston Churchill Erresuma Batuko Lehen Ministro izendatu zutenean.
Esan bezala, Joe Wright zuzendari britainiarra dugu zinta honen erantzulerik nagusiena. Londrestar honek produktu erakargarriak burutu ditu, bai zinean, bai eta telebistan ere. Honela, bereak ditugu “Orgullo y prejuicio” (2005) edota “Expiación, más allá de la pasión” (2007) filme interesgarriak, baita “Black Mirror: Caida en picado” teleseriaren atala ere.
Hala eta guztiz ere, lan honetan zerbait nabarmentzeko badago, horixe da duda barik Gary Oldman aktore britainiarraren karakterizazio zinez borobila. Txapela kentzeko moduko antzezpen honetan ez dira gutxi Oldmanen une gorenak. Pelikularen zama guztia bere sorbaldetan hartzen du eta erronka handi honi neurria ederto hartzen dio.