Aste honetan, “Three Billboards Outside Ebbing, Missouri” (2017) izeneko pelikula nahi dizuet gomendatu. Umore beltzez josita dagoen zinta gogor honek merezi du, inolako zalantzarik gabe. Askotxo dira lan borobil hau gomendatzeko egon daitezkeen arrazoiak, hala nola, gidoi bikaina, aktoreen sekulako karakterizazioak, filmeak duen giro itogarri bezain erakargarria (kontraesana dirudien arren)… laburbilduz, huts egiten ez duen lana. Gehitu honi gainera, pelikula honetan ere dagoeneko gaztea ez den emakumezko aktore baten karakterizazio bikaina dagoela, zinez interesgarria den rol baten atzean. Poztekoa da, pantaila erraldoian adineko emakumeentzako paper interesgarriak ikusteko parada izatea, bazen garaia!
Bere alabaren hilketa argitzearren poliziak behar beste interesa jartzen ez duela iritzita, Mildred Hayesek(Frances McDormandek) zigorra berak ezartea erabakiko du.
Lan hau Londresen munduratu zen Martin McDonagh zinemagilearean hirugarren pelikula dugu. Zuzendari britainiar honena da “In Bruges” (2008) izeneko pelikula ezaguna.
Hala ere, filme honetan nabarmentzeko zerbait badago horixe da Frances McDormanden jardun bikaina, pelikularen zamari sorbalden gainean inolako arazorik gabe eusten diona.