Oscar sarien banaketa ate joka dugun aste honetan, “The Shape of Water” (2017) izeneko pelikula nahi dizuet gomendatu. Izan ere, zinta hau dugu sari hauetan izendapen kopururik handiena jaso duen lana, hamahiru alegia. Del Tororen eskua zirrikitu guztietatik ikusten den elezahar eder hau dugu, hortaz, aurtengo ekitaldiko faborito nagusia. Ez dut ukatu behar, ez zitzaidan inolaz ere bururatuko, filme handi baten aurrean gaudenik. Hala eta guztiz ere, gezurretan ibiliko nintzateke beste lan batzuekin gozatu handiagoa hartu egin dudalaesango ez banu, hala nola, “Three Billboards Outside Ebbing, Missouri” (2017) izeneko pelikula txundigarriarekin.
Gerra hotzaren garaian laborategi beldurgarri batean, printzipioz komunean ezer ez duten bi izakiren arteko bat-bateko maitemina sortuko da, den-dena hankaz gora jarriko duena.
Pelikula polit honen erantzulea Guillermo del Toro zinemagile Mexicarra dugu. Guadalajaran jaiotako zuzendariak dagoeneko ibilibide profesional sendo eta luzea du. Nire ustetan, bere lanik borobilena “El Laberinto del Fauno” (2006) da, beste hainbat pelikula estimagarri dituen arren.
Istorio honen pertsonaia nagusiak nolabaiteko izaki mutuak izateak pelikulari jolasteko aukerak zabaltzen dizkio, gure gozamenerako.