Spielbergen kasuan ohikoa izaten den bezala, irudiaren aldetik izugarrizko indarra duen pelikula baten aurrean gaude. Izan ere, “Ready Player One” (2018) honek Cincinnatiko zuzendariaren lanek dituzten nolakotasun nabarienak ederto batean biltzen baititu: guztiz neurtuta dagoen muntaketa, doitasun handiko enkoadraketak, jesarlekuan iltzatuta uzten zaituzten akzio handiko sekuentziak… laburbilduta, kalitate handiko produktu komertzialaren aurrean gaudela, inon izatekotan pantaila handian ikusi behar den horietakoa.
Pelikulak kontatzen digun istorioa 2045ean dago girotuta. Garai horietan egiazko mundua horren da desatsegina, ezen jendeak mundu birtual batean bilatzen baitu ihesbidea. Amets hutsa den “Oasis” izeneko gunea, non morroi guztiak euren “Avatar”ren bidez bizi diren, umezurtz geratuko da bere asmatzailea desagertzen denean. Balio kalkulaezina duen utopia horren jabe bilakatzeko borroka ero batean sartuko da buru-belarri hainbat jende.
Zinta honek 80ko hamarkadan entzutetsu bilakatu ziren hainbat bideo-joko, kantu zein pelikula omentzen ditu. Hau dela bide, aro hartan erreferentzia argia izan zen Steven Spielberg baino zuzendari hobea nekez irudika daiteke lan hau burutzeko.