Aste honetan “Handia (Aundiya)” (2017) gomendatu nahi dizuet. Arrazoi desberdinak direla medio, erabat estimagarria den lana iruditu zait. Alde batetik, bisualki oso ederra den pelikula baten aurrean gaudela begibistakoa da. Bestetik, zinez gertatu izan ziren kontuetan oinarritutako kontakizun honen tonuera, iluna bada ere, ezin egokiagoa iruditu zait. Eta gainera, gutxi balitz bezala, filmea ikusi ondoren, buruan bueltaka geratzen diren horietakoa dugu zinta erakargarri hau. Pasarte batean planteatzen den gogoeta hau burutik kendu ezinean nabil ikusi dudanetik: Gizakiok dugun egoera berrietara egokitzeko ahalmena, zer da?: indargune edo ahulezia bat. Zer irizten diozue? Nik behintzat ez dut batere argi.
Metaforaz josita dagoen kontaketa honetan zuzendarien lana goraipatzeko modukoa delakoan nago. Enkoadraketa bikainak proposatzen dituzte, aktoreen lana ederto orekatzen dute, gidoi borobila lortu egin dute, honetarako laguntza izan badute ere. 2014ko “Loreak” filmean ere elkarrekin aritu ziren, gidoia elkarrekin idatzi egin zuten eta.
Bukatzeko, aktoreen karakterizazioak ere nabarmendu nahi nituzke, ez ahaztu Eneko Sagardoyk pelikulak eskuratu zituen 10 Goya sarietatik bat lortu zuela.