Aste honetan, estreinatu berri den “Solo: A Star Wars Story” (2018) izeneko lana nahi dizuet gomendatu. Saga galaktiko honen zaletuak bazarete, ez dizue huts egingo, eta tankera honetako zintekin bereziko loturarik ez baduzue, tarte atsegin bat pasatuko duzue bederen. Ezin zaio, hori bai, beste ezer eskatu denbora-pasa hutsa den produktu honi. Hala eta guztiz ere, balio handiko zenbait sekuentzia eta une dibertigarri batzuk badituela onartu behar zaio, duda barik.
Baliteke Han Solo saga honen pertsonaia karismatikoena izatea. Honek ez dio lan honi inolako mesederik egiten, zeren eta muga oso altu jartzen baitio. Soloren hasierako urratsak kontatzea lan nekosoa izan daiteke, batez ere bere etorkizuna ezaguna denean, zaila baita espero bezala aritzea.
Neu behintzat, nahikotxo harritu ninduen filme honen zuzendaria Ron Howard izango zela jakiteak. Izan ere, pelikula hauei itxura modernoa eman nahi izan zaienean, Howard bezalako zuzendari klasikoa aukeratzea arraroa iruditu zait. Oklahoman munduratu zen filmegilearen ibilbidea luzea da oso. “Una Mente Maravillosa” (2001), “Cinderella Man” (2005) edo “Frost/Nixon” (2008) bezalako lan txalogarriak ditu borobilduta.