Aste honetan dagoeneko ibilbide luzetxoa egina duen pelikula bat nahi dizuet gomendatu, zein eta Spike Lee zinemagile amerikarraren “25th Hour” (2002) izeneko lana. Leerena izateko nahiko pelikula ez-ohikoa da. Hasteko, aktore nagusi gehienak zuriak dira, gahietu horri gainera genero pelikula bat dela esan daitekeela, nahiko nortasun markatua duen zuzendari honen kasuan oso arrunta ez dena. Kontuak kontu, oso zinta interesgarri baten aurrean gaude, non zenbait elementu berriztatzaile topa ditzakegun, bai muntaia dela eta, bai eta soinua zein irudien erabilerari dogokienean. Filme honetan aritzen diren aktore guztiak oso karakterizazio borobilak zertzen dituzte, zuzendariaren indargunetzat jo daitekeena.
Monty Brogani askatasuneko 24 ordu baino ez zaizkio gelditzen. Azken egun horretan aita zein gazte garaiko bere bi lagun minekiko harremana berreskuratu nahi izango du. Ordu horien gazi-gozotasunaz eta denbora horretan burututako hausnarketez arituko zaigu lan ilun bezain eder hau.
Ez dira gutxi Spike Leek egin dituen lanak, logikoa denez gero uzta oparo horretan denetarik topa dezakegu. Nire uste apalean, nabarmentzeko moduko zenbait pelikula ditu Atlantan munduratu zen gizasemeak, hala nola, “Haz lo que Debas” (1989), “Malcolm X” (1992) edo “Plan Oculto” (2006).