Aste honetan “Jurassic World: Fallen Kingdom” (2018) izeneko pelikula nahi dizuet gomendatu. Nire uste apalean, film hau zine-areto batean behar da ikusi, non lanaz gozatzeko neurri egokiko pantaila topatuko duzuen. Ez dut uste lan borobil baten aurrean gaudenik. Izan ere, abiapuntua erabat desegokia iruditzen baitzait. Dinosauruak pantailaratzeko aitzakia huts baten bila dabilen gidoia ematen du. Berriro ere saga berrartzeko inongo beharrik dagoen batere argi ez dudan arren, metrajean zehar badira hainbat plano zoragarri, sarreraren prezioa justifikatzen dutenak.
Sumendi baten erupzioa dela bide, dilema etiko bat piztu egiten da: zer egin behar dugu? Azken urte hauetan aparteko irla batean libre bizi izan den espezie bat askatu edo desagertzen utzi. Eztabaida hau desenkusa gisa hartuta, zinez oso bestelako helburuak dituen espedizio bat jarriko da martxan.
Saga jurasikoaren bosgarren atal hau J. A. Bayonak zuzendu egin du. Zinta honetan Bartzelonan jaiotako zinemagileak zenbait keinu egin dizkio sagari hasiera eman zion Spielbergi, baita bere buruari ere, hora hor Geraldine Chaplin bere emakumezko aktore fetitxeren agerpena, besteak beste.
Tankera honetako lan batean, noski, aktoreen esku-hartzea ez da bereziki garrantzitsua izaten. Are gehiago, zenbait pasartetan begien aurrean azaltzen zaizkigun sekuentzien handitasunak euren lana ezeresean uzten du.