Aste honetan, “Campeones” (2018) izeneko pelikula nahi dizuet gomendatu. Javier Fesserren azken film honek badaki, nire ustetan behinik behin, gogaikarri suertatu gabe ikusleen zirrarak dantzan jartzen. Dotorezia handiz zer pentsatu ematen du zintak, pertsonaia batek beste bati honako hau esaten dionean, esate baterako: “Nik ez nuke gure moduko seme-alabarik eduki nahi izango; bai, ordea, zure moduko aitarik”, hitz egiten duen pertsonaiari ustez ez duen argitasuna emanez.
Hainbat gorabehera direla bide, saskibaloi-entrenatzaile profesional batek desgaitasun intelektuala duten jokalariz osatutako taldea prestatu behar izango du. Hasiera batean zigorra zirudienak ikastea merezi duen lezio bilakatuko da.
Aipatu dugun bezala, lan honen arduraduna Javier Fesser Madrilen munduratu zen zinemagilea da. Gidoia idazten ere lagundu egin du madrildarrak. Fesserren ibilbidea nahiko gorabeheratsua izan da, film labur dezente burutu ditu, telesail bat, animazio pelikula bat… aniztasuna beraz, bai eta kalitateari dagokionean ere. Baditu, nire uste apalean, nabarmentzeko moduko zenbait lan, hala nola, “El milagro de P Tinto” (1998), “En el mundo a cada rato” (2004), “Camino” (2008) edo gomendatzen ari naizen hau berau.