Aste honetan 2016 urtean burutu zen pelikula bat nahi dizuet gomendatu, “Personal Shopper” izenekoa alegia. Suspense-pelikula ezohiko honek ezinegona eragiten du ikusten ari den pertsonarengan. Izan ere, zerbait arraro susmatu egiten baita film honek duen giroan, hainbat unetan nahiko itogarria dena.
Bere bikia zendu eta gero, neska gazte batek lana topatu behar izango du Paris hirian bizitzeko. Izan ere, nebaren heriotzarekin erabat gustura ez baita geratu eta oso argi ez duen zerbaiten bila abiatuko da argiaren hirian. Topatu duen lana ez du oso gustuko, ospe handiko modelo baten arropazaina izatea hain zuzen ere, baina beste aukerarik ez du izango mediuma zen nebaren espirituaren seinale bat jasoko badu.
Zinta desberdin honen ardura guztia Olivier Assayas zinemagile frantziarrarena izan zen, berak gidoia idazteaz ere arduratu egin zen eta. Parisen munduratu zen zuzendariaren ibilbide profesionala luzea bezain oparoa izan da. Ez dira gutxi izan eskuratu dituen sariak, gainera. Lan honekin Cannes hiriko zinemaldi entzutetsuan zuzendaririk onenaren premioa lortu zuen, esate baterako.
Bestalde, pelikulan zerbait goraipatzeko modukoa badago, horixe da inolako zalantzarik gabe Kristen Stewart emakumezko aktorearen karakterizazio bikaina.