Aste honetan “The Incredibles 2” (2018) izeneko pelikula nahi dizuet gomendatu. Sekuela hau aurreko lana amaitu zen une berean abiatu egiten da. Nahiz eta dagoeneko 14 urte pasatu izan diren, ikusleak hasierako zinta aurreko egunean bertan ikusi egin duelako sentsazioa izango du. Filme hau lehena bezain ona da minimo, gutxi ez dena. Teknikoki, noski, hobea da, urte hauek guztiak ez baitira alferrik pasatu, baina egia da sorpresarik eskaintzen ez dituela. Baditu, zelan ez, saga abiatu zuen zintaren indargune guztiak, hots, erritmo ikaragarria, ekintza-sekuentzia zoragarriak, itzelezko indarra duten pertsonaiak, dialogo adimentsuak… hutsune bakarra, nire ustetan, aipatutakoa: ezusterik ez. Berrikuntza bakarra, seguruenik, Jack-Jack pertsonaiaren garapena izango da.
Esan bezala, aurreko lanaren jarraipena dugu hau. Superheroien itzulera aldarrikatzeko kanpaina bat lideratuko du Helen Parrek, bere senarra etxeko egoeraz arduratzen den bitartean, sekuentzia komiko askoren iturria izango dena. Hala ere, dena izorratuko da gaizkile berri baten agerpenarekin.
Aurreko zintan bezalaxe, Brad Bird zinemagile amerikarra pelikula zuzendu ezezik, gidoiaren idazketaz ere arduratu da.