Aste honetan Rodrigo Sorogoyen zinemagile madrildarraren azken pelikula nahi dizuet gomendatu, “El Reino” (2018) izenekoa alegia. Egia da, zinta ikusten ari zaren bitartean, hainbat unetan pelikula bat barik, teleberria ikusten ari zarelako sentsazioa duzula. Izan ere, pantaila erraldoian gertatzen den guztiak egunero etxeko telebistan ikusten duguna ematen baitu. Sorogoyenek, baina, erabat asmatu du lanari eman dion ukituarekin. Gaur egungo bizitzak daraman abiadura bera du pelikulak, denbora gutxian gauza asko gertatzen dira eta. Honek zintari erritmo oso bizia ematen dio, ikusleak butakan iltzatuko duena.
Etorkizun ezin hobea duen politiko batek, ustelkeria kasu bat dela bide, dena galduko du. Izan ere, alderdikideek ez diote inolako babesik emango eta, noski, honek guztiak, bere karreraren amaiera ekarriko du.
Sorogoyenen hirugarren film luzea dugu hau. Beste zeregin batzuetan murgildurik ibili izan den arren, pantaila handirako burutu dituen lanak izan dira bere ekoizpenik onenak, duda barik. Bere aurreko zinta, “Que Dios nos Perdone” (2016) delako pelikulak kritika zein ikusleen harrera oso ona jaso izan zuen, hainbat sari irabaziz gainera.
Azken bolada honetan zuzendaria eta Antonio de la Torre antzezlearen arteko kolaborazioa emaitza izugarri onak ari da ematen.