Ez dira gutxi kamararen atzean kokatzeko erabakia hartu izan duten akktoreak, emaitza onekin kasu askotan gainera! Horren ohikoa ez dena zera da: zure lehenengo proiektua klasiko baten bertsio bat izatea, are gutxiago klasiko horren beste bertsio batzuk dagoeneko egin direnean. Izan ere, Bradley Cooper aktore eta, orain, zuzendari amerikarrak 1937an William A. Wellmanek zuzendu zuen “A Star Is Born” izeneko pelikula hautatu baitu bere estreinaldirako. Baina hori ez da dena, ez horixe! Pelikula bera 1954an George Cukor handiak bertsioneatu zuen, bai eta 1976an Frank Piersonek ere. Emaitzak, baina, ez dira denak maila berekoak izan.
Cooperren pelikula, ordea, ez da estreinaldi makala izan, ezta hurrik eman ere! Aktoreak bere iaiotasuna erakutsi izan du zuzentzeko orduan. Kamara behar den lekuan kokatzen badakiela frogatzeaz gain, ez da handikerietan galdu, eskertzekoa dena. Gehitu horri gainera, profesionala ez den antzezle batengandik karaktezizazio ona lortzen asmatu egin duela, gutxi ez dena.
Izan ere, pelikula honetan aktoreen jarduna funtsezkoa baita eta, bai Lady Gagak, bai Cooper berak maila ematen dute. Biak ala biak kapazak dira pelikularen zama osoa euren gain hartzeko. Laburbilduz, Bradley Cooper erronka zail honetatik ondo irten da.