Aste honetan Bryan Singer zuzendari amerikarren azken lana nahi dizuet gomendatu: “Bohemian Rhapsody” (2018), alegia. Queen taldearen inguruko ospakizun eder bezain hunkigarri honetan, ikusle ez-adituak Freddie Mercury eta taldekidei buruzko zenbait datu harrigarri jasoko ditu. Pelikulak oso erritmo bizia du. Nire ustetan ondo antolatuta dago, klimaxera modu atsegingarri batean gidatzen zaitu: luzea bada ere, ez da batere astun egiten. Bestalde, dokumental bat denez gero, gertakaerak era neutro batean pantailaratzen ahalegiten da Singer jauna. Protagonistarekin desatsegina izan behar duenean, hala jokatzen du, ez da irudi edulkoratua helarazten saiatzen.
Esan bezala, pelikula honen zuzendaria Bryan Singer dugu. “X-men” saga arrakastatsuko hainbat zinta zuzendu ditu, emaitza onak eskuratuz gainera. Baina, nire ustetan behintzat, zinez merezi duen film bat badu, horixe da “The Usual Suspects” (1995), inolako zalantzarik gabe.
Hala eta guztiz ere, komentatzen ari garen zinta honetan zerbait goraipatzeko badago, horixe dugu Rami Maleken karakterizazio zoragarria. Los Angelesen munduratu zen antzezlea ezaguna da “Mr. Robot” izeneko telesailean egin duen lan txalogarria dela eta, zeinari esker 2016 Emmy sari bat eskuratu zuen.