Aste honetan, pelikula palestinar bat nahi dizuet gomendatu. Hango zinea ez da ezezaguna, ezta hurrik eman ere!, baina nire gomedioetan ez da orain arte inoiz azaldu. Bazen garaia, hortaz, bidegabekeria hau konpontzeko. “Invitación de Boda (Wajib)” (2017) izeneko film honek, nire ustetan behinik behin, zineak bete behar duen oinarrizko betekizun bati erantzuten dio: Gurea ez den kultura bat ezagutzeko parada eskaintzea, alegia. Izan ere, ordu eta erdi luze batean zinta interesgarri honek datu esanguratsu asko ematen dizkigu beste errealitate bat hobetoxeago geureganatzeko.
Bananduta dagoen aita bat, Nazareten bizi dena, alabaren ezkontzarako prestaketa-lanetan arituko da bakar-bakarrik, harik eta Erroman bizi den bere semea etorri eta zeregin horietan lagundu arte. Jarduera hauetan diharduten bitartean, elkar hobeto ezagutzeko parada izango dute, zailtasun-uneak faltako ez direla.
Lan eder honen erantzulerik nagusiena Annemarie Jacir dugu, Belenen munduratu zen emakumezko zinemagilea. Orain arte, lau pelikula ditu burutuak. Gomendatzen ari naizen zinta honekin, bestalde, bi sari eskuratu zituen Mar del Plata izeneko zinemaldian: pelikula eta aktore nagusia premiatzen dituztenak, alegia.