Aste honetan, “Isle of Dogs” (2018) izeneko pelikula nahi dizuet gomendatu. Houstonen munduratu zen Wes Anderson zinemagilearen azken lana, alegia. “Isle of Dogs” (2018) hau animazio-zinta berezia dugu. Hasteko, helduentzako filma da, duda barik, eta gainera, azken bolada honetan horrenbeste hedatu den, 3D-ko animazio teknikatik erabat aldentzen da. Oso zinta erakargarria, desberdina, Andersonen pelikuletan gertatzen ohi den moduan. Nire ustetan, bete-betean asmatu du istoriaren ikuspuntua ohiko ez den pertsonaiengan jartzean. Izan ere, kontakizun honetako protagonistak txakurrak baitira, gizakiak bigarren mailako aktore bilakatuta.
Txakur guztiak hondakindegi bilakatu den uharte batera erbesteratuak izan ondoren, umetxo batek bere txakur galduaren bilatzeko bidaiari ekingo dio.
Hauxe 9. film luzea dugu Wes Andersonen ibilbide sendoan. Ukitu erabat pertsonala duen zuzendaria da, inolako zalantzarik gabe. Bere lan bat ikusten ari zarenean, berehala igarri egiten duzu, bere filmek oso nolakotasun markatuak dituztelako. Pelikularen egiturari erreparatzen badiogu, ukaezina da zuzendari amerikarrak duen xehetasun guztiak zaintzeko gustua, eskertzeko moduko dena. Gainera, bere istorioek, originalak izateaz gain, ikuslea jesarlekuan iltzatuta uzteko gaitasuna ere badute.