Joan den ostiralean, apirilaren 26an, Kepa Sojo Laudioko zinemagilearen azken lana estreinatu zen, “La Pequeña Suiza” (2019) izenekoa alegia. Estreinaldi baterako unerik egokiena ez bazen ere, “Avengers: Endgame” (2019) egun berean estreinatzen baitzen, Sojoren pelikularen diru-bilketa ez da nolanahikoa izan. Izan ere, zuzendari laudioarraren bigarren film luzeak une oso atsegina pasatzeko paregabeko aukera ematen baitu. Kontuz! Hauxe ez baita kritika negatiboa, ezta hurrik eman ere! Halako lanak egiten jakin behar izateaz gain, tankera honetako pelikula handiak ere badaudelako.
Zinta honek, nire ustetan behinik behin, baditu zenbait indargune, hala nola, zuzendariak zinea ulertzeko modua ederto islatzea, zenbait gag meritu handikoak, abiapuntu oso interesgarria, aktoreen karakterizazio borobilak edota eszenaratze zaindua.
Esan bezala, zuzendariaren bigarren metraje luzeko filma dugu, aurrekoa El Sindrome de Svensson (2006) izan zen. Hala eta guztiz ere, Kepak baditu hainbat film labur buruturik. Gehienak komediak badira ere, badu bat drama izateaz gain euskaraz filmatuta dagoena, zein eta Hileta (2016). Pelikula honek Zaragozako zinemaldiko fikziozko film labur onenaren saria eskuratu zuen.