Aste honetan, Clint Eastwood Kaliforniako zuzendari handiaren azken pelikula nahi dizuet gomendatu: “The Mule” (2018) izenekoa alegia. Gezurra dirudien arren, zinez gertaturiko kontuetan oinarritutako lan baten aurrean gaude. Izan ere, zintak kontatzen duen istorioa nahiko zinezgaitza baita.
Nire uste apalean, film honek arazo bakarra du, zein eta zuzendariaren izena. Pelikula hau beste zuzendari batena balitz, horren izen handia ez duen batena alegia, lan borobila litzateke. San Frantziskoko artistak, ordea, zenbait maisulan ditu buruturik dagoeneko eta, nahi eta nahi ez, horrek ikuslarengandik zerbait gehiago espero izatea dakar.
Laurogei urte dagoeneko beteta dituen Earl Stoneri, bat-batean eta gehien behar duenean, dirua erraz lortzeko aukera bat sortuko zaio, egin behar izango duen gauza bakarra gidatzea izango da eta. Hala eta guztiz ere, berak ezer susmatu barik, droga-trafikatzaile bilakatuko da.
Arestian aipatu bezala, Eastwoodek maila handiko zenbait zinta ditu bere curriculumean, hala nola, “Unforgiven” (1992), “The bridges of Madison Country” (1995), “Mystic River” (2003), “Million Dollar Baby” (2004) edota “Gran Torino” (2008). Egiazta dezakezuenez, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez horixe!