Aste honetan, duela nahikotxo estrenatua izan den pelikula bat gomendatu nahi dizuet, zein eta “Toy Story 4” (2019) izenekoa alegia. Hau dela eta, lan hau ez duzue zine-aretoetan dagoeneko aurkituko, pena bat dena, zeren eta pantaila erraldoian baino hobeto ez baituzue beste inon gozatuko zinez ederra den zeluloide puska hau.
Hala ere, zinta hau ikustera hurbildu nintzenean susmo txar asko nituela aitortu behar dut. Izan ere, ahaztezin bilakatu diren jostailu hauen inguruko trilogia ezin borobilagoa iruditu baitzait beti. Ez nuen uste, hortaz, laugarren pelikula bat beharrezkoa zenik, inondik inora. Dena dela, filmea ikusitakoan, errezelo hauek funtsik gabekoak zirela egiaztatu nuen.
Laugarren atal honen erantzule nagusia Josh Cooleyzuzendari amerikarra dugu. Kontuan hartuta hauxe dela zuzendu duen aurreneko film luzea, borobildutako lana nabarmentzeko modukoa dela esan beharra dago. Egia da, bestalde, eskarmentu handia duela Pixar ekoiztetxean, baina beti bestelako lanetan, ez zuzendari gisa, non bi film labur baino ez dituen borobilduta lan hau burutu aurretik.
Onartu behar da, halere, heredatu dituen pertsonaiek horren nortasun handia dutela, non eurekin lan egitea errazago izan behar duen. Hori bai, gerta daiteke hau berau bi ahoko arma izatea, jendeak pertsonaia hauen aurreko menturak buruan ondo errotuta ditu eta.