Aste honetan, New Yorken jaio zen Todd Phillipszinemagilearen azken pelikula nahi dizuet gomendatu, zein eta “Joker” (2019) izeneko lana. Gomendio hau egitea nahiko arriskutsua da, zeren eta zinta honi aurre egiteko erabat beharrezkoa baita gorputzaldi egokia izatea. Izan ere, guztiz lohi, ilun, ezkor… hitz batean esanda, ikusteko deserosoa den film batez ari baikara. Bestalde, dudarik ez dago, zinta interesgarri, errealista… bikaina ere bada. Nire uste apalean ikusi beharreko lana da. DC Comics argitaletxeak publikatu zuen pertsonaiaren bizitza aitzakia hartuta, zuzendari amerikarrak egungo gizartearen argazki doitua egiten du, gure gustukoa izango ez den argazkia seguruenik.
Ikaragarrizko metirua dauka pelikula honen moduko produktu batek helduentzat baino ez den lanen artean historiako ikusiena izatea. Ez merezi ez duelako, ezta hurrik eman ere!, dagoeneko aipatu dugun moduan ikusteko batere erraza ez delako baizik.
Ez nuen espero Todd Phillipsek tankera honetako ekoizpen bat buruitzea. Izan ere, egun arte bere pelikularik entzutetsuena “The Hangover” (2009) izan baita, aztertzen ari garen zeluloide puska honekin inolako zerikusirik ez duena.
Ezin Gomendio hau amaitu Joaquin Phoenixhandiaren karakterizazio bikaina goraipatu barik. Ziur aski lan honi esker sari asko jasoko ditu San Juan de Puerto Ricon munduratu zen sekulako aktore honek, den-denak ondo mereziak.