Garai berezi hauetan istorio atseginak behar ditugu, duda barik. Horretarako erabat aproposa duzue aste honetan gomendatu nahi dizuedan film hau, zein eta “The Philadelphia Story” (1940) izenekoa. Antza Filadelfiaren esanahia anai-arreben arteko maitasunaren hiria da. Ezin esan pelikula honetan era honetako maitasuna jorratzen denik, baina maitasuna bai, inolako ezbairik gabe
Goi-burgesiako familia bateko emakume baten bigarren ezkontzan argazkiak egiteko kontratatuak izan diren argazkilari bik egoera xelebreak biziko dituzte.
Lan honen zuzendaria George Cukor dugu. Manhattanen munduratu zen zinemagile honen ibilbide profesionala luzea bezain emankorra izan zen. Zinta asko ditu buruturik eta haien artean ez dira gutxi nabarmentzeko modukoak direnak, hala nola, “Luz que Agoniza” (1944), “La Costilla de Adán” (1949) edota “My Fair Lady” (1964), bakan batzuk aipatzearren. Gomendatzen dizuedan pelikula honek bi Oscarsari eskuratu zituen: Gizonezko aktore onena premiatzen duena James Stewart-ek irabazia, batetik, eta, bestetik, egokitutako gidoi onenari dagokiona.
Tankera honetako filmetan aktoreen zeregina ezinbestekoa da. Garai hartan nahiko arrunta zen pelikula batean aktoreen zerrenda zoragarriak biltzea. Lan hau ez zen salbuespen bat izan, ez horixe!