Aste honetan, Chicago hirian jaio zen Philip Kaufman zuzendari estatubatuarraren “Invasion of the Body Snatchers” (1978) izeneko pelikula nahi dizuet gomendatu. Ez da oso ohikoa izaten pelikula baten bertsio berria egiten denean emaitza onik lortzea. Hala ere, gomendatzen ari naizen lan hau, inon idatzita ez dagoen arau honen salbuespena da, duda barik. 1956an, Kaufmanen hirikidea zen Don Siegel handiak pelikularen estreinako bertsioa egin zuen erabat gomendagarria dena. Ez dut gauza handirik esan nahi pelikularen inguruan, baina amaierarekin adi egoteko eskatu beharra dago kasu honetan. Izan ere, oso harrigarria baita.
Esan bezala, film honen atzean Philip Kaufman dugu. Illinoisko zinemagileak baditu zenbait lan bisitatxo bat egitea ondo merezi dutenak, hala nola, “Elegidos para la Gloria” (1983) edo “Quills” (2000). Zinemagile honen ekarpenak ez dira, ordea, zuzendari gisa burutu dituen proiektuak besterik, gidoilari moduan ere ibilia da eta arlo honetan ezin ahaztu “En Busca del Arca Perdida” (1981) lan handiaren gidoia bere istorio batean oinarrituta dagoela.
Bukatzeko, zinta honetan Donald Sutherland aktore kanadiarrak egiten duen lana nabarmentzea gustatuko litzaidake, zinez doitua.