Hau irakurtzen duzuenerako, zine-aretoak irekitzear edo irekita egongo dira. Hala eta guztiz ere, aste honetan gomendatu behar dizuedan lana etxean ikusteko modukoa da, karteldegian duela asko ez baitago. Izan ere, hitz egiten ari gara Nacho Vigalondo zinemagile kantabriarraren estraineko lanaz, zein eta “Los Cronocrímenes” (2007) izenekoaz. Filme bitxia dugu hau, duda barik. Zinea denborarekin jolastea bada, zertan esanik ez zientzia-fikzio bezalako generoa, non klasikoetako bat dugun denboran zehar egindako bidaietan oinarritzen diren pelikulak. Nolabait, zinta honek horretan ere badu abiapuntua. Genero-nahasketa berezia dugu Nachoren debut hau: zientzia-fikzioa eta thriller-ra ederto uztartzen ditu eta. Gainera, aukera dugu lan hau euskaraz ikusteko. Hala eginez gero, zenbait kontu bitxiak onartu behar izango ditugu, hala nola, sobera ondo ezagutzen ditugun aktore batzuk haiena ez den ahotsaz entzutea, xelebrea benetan!
Esan bezala, Cabezón de la Salen jaiotako Vigalondo dugu film honen erantzulerik nagusiena. Nire uste apalean bere ibilbidean burutu duen lanik borobilena da hau. Telebistarako lan ugari egin ditu, bai eta film labur dezente ere. Ezin da ahaztu, bestalde, bai Kanadan bai AEBn lanean aritu dela. Hortaz, ibilbide profesional interesgarria duen pertsona batez ari gara.