Gaur egun karteldegian dugun egoera kontuan izanda, non hainbat estrenaldi atzeratzen ari diren eta, orokorrean, ikusteko grina piz dezaketen pelikulak ikusgai ez dauden, abagune ezinhobea dugu klasikoak bisitatzeko. Hau dela eta, aste honetan “His Girl Friday” (1940) Howard Hawks zuzendari handiak burutu zuen komedia aparta nahi dizuet gomendatu. Lan honek osagai guztiak ditu bikaina izateko: erritmo frenetikoa, elkarrizketa bikainak, interpretaziorako bidea ematen duten egoerak… ikuslea bere jezarlekuan iltzaturik geratuko da ordu eta erdi batean oso tarte atsegina pasatuz.
Duen kazetaririk onenak egunkaria utzi behar duela esango diote berripaper baten editoreari. Editoreaz gain, kazetariaren senar ohia ere izaki, ezagutzen dituen amarru guztiak erabiliko ditu hala gerta ez dadin.
Esan bezala, pelikula honen zuzendaria Howard Hawks handia dugu. Indianan jaiotako zuzendari amerikarrak lan asko eta kalitate handikoak ditu, genero desberdinetan gainera, hala nola, komedia, western edota zine beltzean.
Bukatzeko, gogoratu garai hartan zinema-estudioek botere handia zutela eta, eskuarki, aktoreak kontratupean hartzen zutela. Pelikula honetan aritzen diren aktore nagusiak izen eta ospe handikoak izan ziren, nortzuk eta Cary Grant eta Rosalind Russell. Bata eta bestea ezin hobeto aritzen dira haien neurrira eginda dauden pertsonaiak gorpuzten.