Aste honetan beste tankerako proposamen batekin natorkizue. Izan ere, Suedian jaiotako Levan Akin zinemagileraen azken pelikula nahi dizuet gomendatu: “Da cven vicekvet (And Then We Danced)” (2019) izenekoa, alegia. Pelikularen izenburua gaztelaniaz “Solo nos Queda Bailar” duzue. Europan egiten den zinemak, noski, ez du zerikusirik AEBetan egiten denarekin. Gaurko proposamen hau ez da bereziki komertziala, baina jorratzen dituen gaiek seguruenik bestelako sakontasuna dute. Zirkuitu komertzialetan ez duzue ikusteko paradarik izango, hala ere, nire ustez ikusteko ahalegina egiteak merezi du.
Gaztedanik Georgiako dantza tradizionalak entseatzen aritu den mutiko baten bizitzan lurrikara bat sortuko da taldekide berri baten helduerarekin.
Zinez interesgarria den pelikula honen atzean, gorago esan dugun bezala, Levan Akin dugu. Lan hau bere hirugarren ekoizpena dugu, orain arte burutu dituenetan ospe eta onarpen handiena eskuratu duena.
Zinta honetan aktore gazteen jarduna nabarmendu behar da, duda barik. Sinesgarritasun handia ematen dieten gorpuzten dituzten karakterizazioei. Guztien artean aipamen berezia merezi du Levan Gelbakhiani gazteak. Izan ere, filmak eskuratu dituen izendapen zein sariak berari esker izan baitira.