Aste honetan, arrazoi desberdinak direla bide, oso berezia den pelikula bat nahi dizuet gomendatu, zein eta “La Trinchera Infinita” (2019) izenekoa. Izan ere, ez baita oso ohikoa film batek hiru zuzendari edukitzea, ez eta Oscar sarietan lehiatzeko aukeratua izatea ere. Horrez gain, oso era erakargarrian errodatuta dago, eszenaratzeak istorioan sartu egiten gaitu, pertsonaia nagusiak bizi izandakoa ulertzen laguntzen gaitu eta. Gainera, kontatzen duenak oso indar izugarria du, historia hau ezagutzeko baino ez bada ere, merezi du lan hau ikustea.
Gerra zibilak hainbat pertsonen bizitza irauliko du, istorio honen protagonistarena kasu. Jaso ditzakeen errepresalien beldur bere etxean dagoen zulo bat baliatuko du 30 urtez izkutaturik egoteko.
Esan bezala hiru dira zinta interesgarri honen zuzendariak; Jon Garaño, Aitor Arregi eta José Mari Goenaga. Hirurok ibilbidea partekatu dute hainbat lanetan elkarrekin lan eginez, ez beti hirurak batera ordea. Honela, haien izenak oso estimagarriak diren lanen atzean daude, hala nola, “Loreak” (2014) edo “Handia” (2017).
Bukatzeko, aktoreen lana nabarmendu behar da. Bai Antonio de la Torrek, bai Belén Cuestak doitasun eta egiatasunez beteriko karakterizazioak burutzen dituzte.