Nahiz eta Gabonekin lotura zuzenik ez izan, jorratzen dituen gaiak ez daude zorrozki garai horietakoekin lotuta, aitortu behar da garai horretan girotuta dagoen kontakizuna dela aste honetan gomendatu nahi dizuedan pelikula. Izan ere, aste honetan nabarmendu nahi dudan lana “Edward Scissorhands” (1990) baita. Teknikoki, nola baden Gabonetan amama batek bere bilobari kontatzen dion istorioa, garai honetan, bai eta edozinetan ere, ikusteko egokia den zinta da, duda barik. Ezin dugu ahaztu kalitate handiko pelikula baten aurrean gaudela. Ez hori bakarrik, autore baten eskua somatzen da lan honetan. Edertasunaren inguruko hausnarketa interesgarria pantailaratzen du Tim Burton zinemagile estatubatuarrak, sortu eta deusesteko erraztasuna duen pertsonaia baten gorabeherak kontatuz. Edertasuna sortu dezakeen arren, ezin du ukitu, horra hor bere patua.
Aitortu behar dut Tim Burtonekiko “maitasun-gorroto” moduko harremana dudala. Izan ere, Burbanken jaio zen zuzendariaren filmografian biziki maite ditudan filmak dauden bitartean, hala nola, “Ed Wood” (1994) edota “Big Fish” (2003), nire ustez klitate eskaseko lanak ere topa daitezke eta, “Planet of the Apes” (2001) edo “Dark Shadows” (2012), besteak beste.