Aste honetan, Frantzian ekoizturiko pelikula bat nahi dizuet gomendatu. Zein eta “La Vérité” (2019) izenekoa, alegia. Gertu dugun herrialdean burutzen den zinema-motak, oro har hartuta noski, baditu berezko zenbait ezaugarri, hala nola, gidoiaren garrantzia, mezuari ematen zaion munta, dioalogoen pisua, kameraren mugimendu neurtuak… Bada horiek guztiak agerian daude lan interesgarri honetan. Hori bai, harrigarria bada ere, zintaren atzean dugun zinemagilea ez da bertokoa, japoniarra baizik. Izan ere, Hirokazu Koreeda Tokio hirian munduratu baitzen.
Ospe eta sona handiko emakumezko aktore batek ez du, ordea, horren harrera onik bere familian. Bere oroitzapenak argitaratu dituelako desenkusa baliatuz, alabak amarekin zenbait kontuz aritzeko parada izango du.
Esan bezala, film honen atzean Hirokazu Koreeda dago. Zuzendari japoniarrak onarpen ona izan du beti krikarien artean. Berea da, esate baterako, “Still Walking” (2008), interesgarri bezain gomendagarria den pelikula.
Lan honetan, hala ere, badago goraipatu beharreko beste atal bat: aktoreen zerrenda, hain zuzen ere. Lan berean Catherine Deneuve, Juliette Binoche edo Ethan Hawke bezalako aktoreak biltzea nolabaiteko bermea da, duda barik.