Aukera gutxi izaten ditugu pelikuletan euskara entzuteko. Hauxe ez da euskaraz errodaturiko lan bat, baina bai ederto girotuta dagoen horietako bat. Hori dela eta, garaiko errealitatea pantailan islatzen da eta, noski, pertsonaiek ibiltzen dituzten hizkuntzak garaikoak ere badira. Hortaz, herriko jendea euskaraz aritzen da, ederto batean gainera. Aste honetan, Pablo Agüero zinemagile argentiniarraren azken lana nahi dizuet gomendatu, “Akelarre” (2020) alegia. Bestalde, filma oso ondo errodatuta dago, irudien indarra kontuan hartzekoa da, kamera egoki kokatzen asmatzen du zuzendariak, gidoia aukerakoa da eta zintak bere metraje osoan zehar ikuslea bere jezarlekuan itsatsita mantentzen du.
1609an girotuta dago lan hau. Euskal Herriko herri bateko gizonak itsasoratu direla probestuz, ustezko sorginkeriaz garbitu nahi izango du erregeak zonaldera bidali duen epaile zorrotz batek.
Pelikula honen atzean, arestian esan bezala, Pablo Agüero dugu. Mendozan munduratu zen zuzendari honek Goya sarietarako 9 izendapen erdietsi ditu lan honi esker. Hauxe du bere lehenengo zinta Euskal Herrian errodatua.
Goraipatzekoa iruditu zait antzezleen lana. Denetarik dagoen arren, nesken karakterizazioetan aritzen diren aktoreek lan borobila gorpuzten dute, fikzio honetako pertsonaiarik desatseginenak karakterizatzen dituzten aktoren antzezpen zoragarria ahaztu barik.